Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak bilkura bat antolatu du, azaroaren 19an eta 20an, adituekin, teknikariekin eta etorkinen ordezkariekin

Unibertsitateko ikerketa arloko adituak, etorkinen kolektiboetako ordezkariak eta pertsona horiekin lan egiten duten gizarte erakundetako eta erakunde publikoetako kideak bilduko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan, azaroaren 19an eta 20an, Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak antolatzen dituen jardunaldietan, Inmigrazioa eta Gizarteratzea izenburupean. Bilkuraren helburua da eztabaidatzea eta aurrejartzea NUPeko ALTER taldeak Nafarroako Gobernuarentzat (Inmigraziorako Arreta Bulegoa), hura ere jardunaldien antolatzailea baita, prestatu duen azken azterketa soziologiko handia (2008).
Halaber, jardunaldiek bilatzen dute halako formulak sortzea atzerritik datozen pertsonen kohesioa eta gizarteratzea aurrera eramateko -bereziki gaurko krisi ekonomikoa kontuan izanda-, pertsona horiek aberastasun eta aniztasun sozialaren iturria direla abiapuntutzat hartuz. Unesco katedraren iritziz, “aniztasun soziala mundu globalizatua definitzen duten ezaugarrietako bat da, baina bi alderdirekin agertzen da: alde batetik, harreman berriak ahalbidetzeko eta sortzeko aukera, bestetik, bizikidetzarako erronka moduan”.
Dualtasun horretan sakontzeko eta inmigrazioa, aniztasun sozialaren iturria den heinean, gugana hurbiltzeko, NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak jardunaldi horietan argitalpen bat aurkeztuko du, Nafarroako 2008ko Inmigrazioari buruzko inkestan erdietsitako emaitzak biltzen dituena. “Konpromiso bat hartuta ikerketarekin eta haren zabalpenarekin, material horrek ekarpena izan nahi du ikasketa eta hausnarketarako, horien bidez ulertu ahal izateko hiritartasun berria eraikitzeko lanean ari direnen eguneroko eginkizuna” gehitzen du Katedrak.
Bilkuraren antolatzaileek baieztatua dute jadanik 150dik gorako pertsonen parte hartzea, baina izen ematea, doakoa, irekita dago oraindik, eta azaroaren 16ra arte egin daiteke catedraunesco.ciudadania@unavarra.es helbidean edo 948 166190 telefonoaren bidez.
Egitaraua
Aipatu ikerketa lana izango da parte hartzeen eta mintegien ardatza, baina horien helburua ez da gelditzen bilkurarako banatuko den txosten zabal horretan, lehenbiziko aldiz argitalpenaren formatuan emango baita, agertzen diren datu kuantitatibo eta kualitatiboetan.
Jardunaldietan hainbat elkarte eta erakunderen ordezkariak egongo dira (SoS Arrazismoa, Gurutze Gorria, Anafe, FAIN, Caritas, UGT, Aproe, eta abar), eta parte hartuko dute definitu diren gaietan eta horiei dagozkien eztabaidetan. Programa zabal horren helburua da elkarjartzea eguneroko errealitatea txostenaren emaitzekin, Nafarroako eta Espainiako erreferentzia direnak.
Inaugurazio hitzaldiak, azaroaren 19koa (9:30ean), “Migrazioaren arazoa krisiaren aurrean: erantzun politikoak” du izena. Hizlaria Lorenzo Cachón izango da, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Soziologiako katedraduna eta Espainiako Inmigrazio Foroaren lehendakaria. Lehen azalpen saioan ondoko gai hauek izango dira: “Migrazio fluxuak hainbat iturritatik abiatuz” (Izaskun Andueza, ALTER ikerketa taldekoa); “Migrazio prozesuak” (Nerea Zugasti, ALTER taldekoa) eta “Migrazio prozesua: funtsezko faktorea familia-dinamiketan”, talde bereko kide den Ruth Iturbideren eskutik.
Lehen egun hori osatzeko, arratsaldean saio bat izango da “Enplegua eta Prestakuntza: Nafarroako inmigranteen laneratzea” izenburukoa, Txerra Garcia de Eulatek emango duena (CCOOren Ikerketa Kabinetea); beste bat, “Etxebizitza: begibistako hobekuntza, jabetzarako aukeran izan ezik” izenburukoa, Angel Garciak emango duena (ALTER), eta beste bat “Osasun egoera eta osasun sisteman sartzea, gizarteratze faktoreak diren aldetik”, Rubén Lasherasek emango duena ((ALTER).
Ostiralean, hilak 20, Sagrario Anautek (ALTER) emango dio hasiera hirugarren azalpen saioari, “Populazio inmigrantea Nafarroako hezkuntza sisteman: errealitate dinamikoa” gaiarekin. Ondotik, Antidio Martínez de Lizarrondok (Inmigraziorako Arreta Bulegoa) “Nafarroako inmigranteen eta inmigranteentzako gizarte sareen, harreraren eta gizarte laguntzaren panoramika” gaia garatuko du eta ikerketa taldeko beste kide batek, Izaskun Anduezak, “Bereizkeria: gizarteratzeko oztopoa” gaiari ekingo dio.
Eguerdiko hamabietan “Inmigranteen gizarteratzea Nafarroako gizartean, krisiaren testuinguruan” izeneko hitzaldia emango du Miguel Laparrak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Saileko irakasle titularra eta ALTER Ikerketa Taldeko zuzendaria denak. Jardunaldiei bukaera emateko, eta aurreko saioetako azalpenetan oinarrituta, “Nafarroan migrazio fenomenoari buruz etorkizunean hausnarketa egiteko proposamenak” aurkeztuko dira. Aurkezpenak Xabier Aierdik, Inmigrazioaren Euskal Behatokiko (Ikuspegi) zuzendarikideak egingo du.

Oharra: informazio gehiago nahi baduzu, ikusi NUPen web orria: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos?contentId=124505

Etiquetado con:

Noticia clasificada como: Actividades culturales universitariasUniversidades de Navarra

Te gustó este artículo? Subscríbete a mi RSS feed